Kudeaketaren kalidadearen saria elizbarrutiko ikastetxe birentzat

Eusko Jaurlaritzak hogeta bi erakunderi autortu eutsen kudeaketako bikaintasunari jagokonez jadetsitako maila, Vitoria-Gasteizko Baskonia Kirol Hirian abenduak 22an ospatu zen ekitaldian.

Aurton, Azti-Tecnaliak, Gasteizko San Jose Ikastetxeak eta elizbarrutiko ikastetxeen sarean dagoan Otxarkoaga Ikastegiak jaso eben sari nagusia, Urrezko ‘Q’a. Banatu ziran 19 Zilarrezko ‘Q’en artean, Bermeoko Jesusen Bihotza Ikastetxeak jaso eban bat.
 

Javier Laiseca Otxarkoagako zuzendariak ikastegiko lantalde eta ikasle guztien izenean jaso eban kudeaketaren bikaintasuna autortzen dauan 2011ko plaka. Oholtzara igon aurretik, atzoko ekitaldian parte hartu eben ehunka lagunek ikastetxe honetan egiten daben lana erakusten eban bideoa ikusi eben. Aurkezpena originala izan zan, irakasle batek ingelesez azaldu ebalako eskolan darabilen eta “batez be gizakiei lehentasuna emoten deutsen” irakaskuntza-metodoa. Kanpoko ikasle batek bere sorterriko hizkeran hitz egin eban eta ikasleek egunez egun egiten dabezan gauzak ikusi ziran.
 

Gaur egun, 94 irakasle eta 500 ikasle baino gehiago dagoz Otxarkoaga ikastegian eta ikasle askok eta askok curriculum-egokitzerako beharrizan handia dauka. Horregaitik, inoan Javier Laisecak joan dan maiatzean elizbarrutiko aldizkarian argitaratutako alkarrizketan, “guretzat beti izan da funtsezkoa ikastegian lan egiten daben edo bertara ikastera datozan personen zoriona”.
 

Eta ikastegi honegaz batera, Bermeoko Jesusen Bihotza ikastetxea zoriondu behar da. Kostaldeko herri honetan sendo sustraituta dagoan ikastetxe hau 2007an sartu zan elizbarrutiko ikastetxeen sarean. Karmeldar Ahizten eskutik 110 urtez jardun ondoren, “bere helburua beti izan da kalidadezko hezkuntza emotea eta euskeraz egitea, beti be, baztertuenak kontuan izanda”, zehaztu dau Enrique Zabala zuzendariak.