Gabonetako postala diseinatzeko lehiaketa

BIDELAGUN federazinoak gabonetako postala diseinatzeko leihaketa bat deitu gura dau. Aurtengo gabonak zoriontzeko txartelean Federazinoak erabiliko dauan irudia izango da hori.


Hona hemen lehiaketaren ARAUAK:
 

Helburua:BIDELAGUN Federazinoaren gabonetako postalaren irudia diseinatzea; gabonetan, alkartearen informazinoa zabaldu eta zorion-txartelak bialtzerakoan erabiliko da, bai agiri ofizialetan bai web gunean.

Parte-hartzaileak
: Bizkaiko elizbarrutiaren ikastetxe guztietako ikasleek hartu daikie parte. Gehienez diseinu bi aurkeztu daikez ikasle bakotxak.
Hiru kategoria bereziko dira lehiaketan: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH-Batxillergoa. Kategoria bakotxeko postal bat aukeratuko da finalerako, eta hortik urtengo dau gero irabazleak.

Proposamena
: Proposamenak BIDELAGUNegaz lotutako elementu bat euki behar dau. Komeni da grisen eskalara erraz eroan daitekezan koloreak erabiltzea, gero koloreetan zein zuri-baltzean egin ahal izateko.

Aurkeztu beharreko materiala:
Bi modutara aurkeztu daiteke diseinua:
Paperean: DIN A-4 neurrikoa baino handiagoa ez dan irudi bat aurkeztuta (Horrek ez du esan gura irudia bera derrigorrean karratua izan behar danik, ezta orri osoa bete behar dauanik be). Hori bai, bereizmen handiko irudia izan behar da; zehatz marraztuta.
Euskarri elektronikoan: Alde batetik, irudi bakar bat, koloreetan eginda; eta beste alde batetik, irudi bakar bat, grisen eskalan eginda (edo zuri-altzean).
Irudiagaz batera azalpen txiki bat erantsi daiteke, ez orrialde bete baino luzeagoa.
 
Proiektuen aurkezpena: 2011ko abenduaren 2ra arteko epea dago lanak aurkezteko. Modu bat baino gehiago dago BIDELAGUNera proiektua heldu arazoteko:
1 .- Ikastetxeetako Idazkaritzan entregatzea, proiektua gutunazal batean sartuta. Bi euskarri erabili leikez kasu honetan:
Papereko formatua. Ezin da izan DIN A-4 neurrikoa baino handiagoa.
Formatu digitala. Edozein euskarri digital izan daiteke, baina gurago, CD-R edo USB bidez.
2.- Ikastetxeko Guraso Alkartera posta elektroniko bidez bialduta. Fitxategia ezin da 5MB-koa baino handiagoa izan.
3.- Mezu elektroniko bat bialduta bidelagun@bidelagun.org helbidera. Fitxategia ezin da 5MB-koa baino handiagoa izan.
Diseinuagaz batera, derrigorrean, egilearen datuak jakinarazo behar dira: izen-abizenak, ikastetxea, eta helbide elektroniko bat (eukiz gero).

Epaimahaia eta ebatzia:
BIDELAGUN federazinoaren Zuzendaritza Batzordeak osotuko dau epaimahaia. Lehenengo fasean, hiru kategorietako irabazle bana zehaztuko dau, eta, gero, hiru horreetatik bat aukeratuko dabe finalean; behin betiko diseinuaren irabazlea. Beraz, irabazle bakarra izango da, hiru kategorietako batekoa.
Epaimahaiak ebatzitakoaren barri emongo deutso irabazleari, gutun bidez edo posta elektroniko bidez, eta federazinoaren web gunean be argitaratuko da (www.bidelagun.org).
Edozelan be, epaimahaiak eskumena dauka saria emon barik ixteko, edo beste lehiaketa bat deitu edo lanak aurkezteko beste arau batzuk ezartzeko.

Saria:
Saria emongo jake finalista geratu diren irudi biei, eta irudi irabazleari. Honetara banatuko dira sariok:
Hirugarren irudia: Corte Ingleseko opari-txartela (50€)
Bigarren irudia: Corte Ingleseko opari-txartela (100€)
Irudi irabazlea: Corte Ingleseko opari-txartela (150€)
 
Jabetza intelektuala:BIDELAGUN federazinoa izango da irudi horren jabe esklusiboa, eta askatasun osoa eukiko dau saritutako logotipoa erabiltzeko, osorik zein zati bat, bai eta aldatzeko be, beharrezkoa baderitzo.
 
Sarituko lanak bueltatzea:Finalerako aukeratutako diseinuak ez dira bueltatuko.
 
Arauak onartzea: Lehiaketan parte hartzeak arau honeek guztiak eta epaimahaiaren ebazpena onartzea dakar.