EIB ‘bizikidetzarako konpromisoagaz’ bat

Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntza arloko hogei erakunde eta ekintzaile inguruk “bizikidetzarako hezkuntzaren aldeko konpromisoa” dalakoa sinatu eben abenduak 30ean. Agiriaren aurkezpen eta sinaduran Eusko Ikastola Batza (EIB) ikastolen alkarteko eta elizbarrutiko ikastetxeetako gurasoen alkarteen federakundeko (Bidelagun) ordezkariek parte hartu eben.

Hezkuntza alkarteko erakunde eta eragileek indarkeria armatuaren osteko adiskidetzea suspertzeko langaia sinatu eben abenduak 30ean. “Edozein helburu edo inguruabarren gainetik, giza eskubideen eta personaren duintasunaren errespetuan oinarritutako hezkuntzaren aldeko ahaleginean berrestea” da idazkiaren helburua.
 

“Lehen, orain edo gero giza eskubideen urratzea justifikatzen dabenen aurrean jarrera kritikoa suspertzea” da agirian nabarmentzen dan beste puntu bat.
 

Hauxe da idazkian zehazten dan hirugarren jarduera: “eskubide horreen zapalketak eragin dituan biktima guztiei alkartasuna eta babesa erakusteko jarduerak bultzatzea”.

Eta laugarren puntua, “benetako bizikidetasun demokratikoaren euskarri diran balio eta jarrerak sustatzea” da. 
 

Bosgarren eta azken puntuan, dei egiten da, “gure hezkuntza alkartean kultura demokratikoa” finkatu daigun.
 

Elizbarrutiko ikastetxeak

Makina bat alkarte eta erakundek sinatzen dau agiria, besteak beste, Eusko Ikastola Batzak. Ikastolen alkarte honetan elizbarrutiko sei ikastetxe dagoz: Artxandape, Begoñazpi, Berakruz, Karmengo Ama, San Fidel eta Txomin Agirre. Hamar mila familia ordezkatzen dituan ‘Bidelagun’ gurasoen alkarteko ordezkariak be sinatu eban atzo gizarteari aurkeztu eutsen aitatutako agiri/langai hau.

Aitatutako horreez ganera, beste honeek be sinatzaile dira: unibersidadeko hiru campusak; sare pribatuko patronalak, ikastolak barru; gurasoen alkarteak, sare publikokoak zein pribatukoak eta giza eskubideen eta bakearen alde jarduten daben talde desbardinak.